XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III. HAURREN ALDEKO PRESTAZIO ETA PROGRAMA MOTAK.

Gizartekintza Departamentuak hainbat programa, prestazio eta jarduera garatzen du haur eta gazteen alde, arrisku egoeran zein babesik gabe daudelarik. Ondorengo lerrootan laburtutakoak hain zuzen.

1.- Antzemateko, ebaluatzeko, eskuhartzeko, prebentzioko eta jarraipeneko Programak.

Oinarrizko gizarte zerbitzuek eginkizun funtsezkoa dute gizarte zailtasunean dauden haurrei dagokienean. Izan ere, zerbitzu hauek dira biztanleriaren zati honek dituen premiak eta arazoak antzematen dituena. Oinarrizko gizarte zerbitzuek programa sorta bat jartzen dute martxan, babesik gabeko egoerak saihesteko edota, gertatu direlarik, zuzentzeko helburuaz.

Oinarrizko gizarte zerbitzuak funtsezkoak dira prebentzio programak ezartzeko unean, haurren babesik eza eragin dezaketen egoera eta arrisku faktoreak ager daitezen saihesteko lana egin behar baitute. Programa hauek era guztietakoak izaten dira, pobrezia eta marjinazio arazoei heldu behar dietelarik, alkoholismoa eta toxikomaniak, familia barneko bortizkeria, etxebizitzaren arazoa eta beste zenbait ere kontuan hartu behar izaten baitituzte.

Bestalde, oinarrizko gizarte zerbitzuak dira babesik gabeko egoerak ahalik eta azkarren antzemateko arduradun zuzenak. Gauzak horrela, ikerkuntza eta ebaluazio prozedurak martxan jarri behar dira, Zerbitzu Espezializatuekin koordinaturik, kasu bakoitzaren interbentzio beharrak argituz eta, beraz, interbentziorik egokiena bideratzearren.

Familiekin edo haurrekin zuzeneko interbentzioak gauzatzeko programak martxan jartzea, edota kasuak zerbitzu espezializatuetara behar bezala bideratzea, zerbitzu espezializatuek aurrez izan dituzten kasuen jarraipenarekin batera, oinarrizko gizarte zerbitzuen funtsezko eginkizunetako batzuk dira.

Oinarrizko gizarte zerbitzuen eta zerbitzu espezializatuen koordinazio eta elkarrekiko jarduera funtsezkoa da, ezinbestekoa, interbentzio espezializatua behar duten kasuetan.

2.- Lege neurriak aplikatzea.

Adingabearen Lege Babesari buruzko 1/1996 Lege Organikoak bereizketa bat ezartzen du haurrek jasan ditzaketen babesik gabeko egoera desberdinen artean, eta arriskua eta babesik eza bereizten ditu.